2017(e)ko azaroaren 15(a), asteazkena

Udalak eta Lanbidek 40 langaberen kontratazioa sustatuko dute

294.000 euroko inbertsioarekin, sei hilabete iraungo duen enplegu plan bat sustatuko dute 23 herritarrentzat.
 44.000 euroko beste partida bati esker, kontrataziorako laguntza-programa bat jarriko da  abian.


Trapagarango Udalak eta Euskal Enplegu Zerbitzua-Lanbidek, urtea amaitu baino lehen, abian jarriko dute enplegu plan bat eta kontrataziorako laguntza-programa bat, 40 langabe kontratatzeko asmoz, herriko alkate Xabier Cuéllar jaunak eta Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Merkataritzako zinegotzi Bernardo Azkue jaunak iragarri duten bezala.

Enplegu planarekin 23 langabe kontratatuko dira, Meatzaldeko Behargintzaren bidez, sei hilabeterako, hots, abenduaren 29tik 2018ko ekainaren 28ra arte. Lehen zinegotziak azaldu bezala, ekimen honek hiru helburu ditu: Interes orokor eta sozialeko lanak egitea, herriaren mesederako; parte-hartzaileen egoera ekonomikoa hobetzea eta prestakuntza eta esperientzia ematea haiei, gerora laneratzeko aukera gehiago izan dezaten.  

23 pertsona horietatik, 15ek talde bat osatuko dute basabideak eta  lurrazpìko edukiontziak egokitzeko eta hiri altzariak margotzeko. Hiru ofizialez eta  zerbitzu anitzeko 12 peoi espezialistez osatuko da talde hori. Ofizialek egiaztatu beharko dute, gutxienez, 24 hilabeteko eskarmentua daukatela lanbide horretan. Haien lan-kontratua %75eko lanaldikoa izango da.

Beste sei langileak, ordea, hirugarren adinekoen, ezinduen eta Udaleko Gizarte Ongizate Sailaren esanetan esku-hartze egoeran dauden pertsonen laguntzan jardungo dute. Langileetako bat arduraduna izango da eta beste bostak, zaintzaileak, eta lanaldi erdiko kontratua egingo zaie. Gizarte Lan, Gizarte Hezkuntza, Psikologia, Psikopedagogia, Gizarteratze, Erizaintza edo Soziologiako titulua aurkeztu beharko du arduradunak. Zaintzaileei, berriz, Profesionaltasun Ziurtagiria, LH I, LH II edo, gutxienez, gai horretako prestakuntza eskatuko zaie.

Amaitzeko, beste bi pertsona ere kontratatuko dira herriko industrialdeetan kokatuta dauden enpresen zentsua eguneratzeko. Lanpostu horiek eskuratu nahi dituzten herritarrek Profesionaltasun Ziurtagiria, administrazio alorreko LH I edo LH II edo, gutxienez, sektore horretan 24 hilabeteko esperientzia egiaztatu beharko dute.  Bi kontratazio horiek lanaldiaren %75ekoak izan dira.

Hautagai horiek guztiak izan beharko dira langabeak, Lanbiden inskribatuak, Trapagaranen erroldatuak gutxienez urte bete lehenagotik, azken hiru urteetan  ezelako Tokiko Enplegu Programan parte hartu gabeak, eta Lanbideren arabera, laneratze zaila duten kolektiboetako batekoak (adibidez, DSBE hartzaileak edo onuradunak, 35 urte edo gutxiagokoak, 55 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak, desgaituak, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak…). Horietatik guztietatik, gutxienez, %40 emakumeak izango dira eta %15, 55 urtetik gorakoak. 

Enplegu planera apuntatu nahi direnek honako izapideak egin beharko dituzte azaroaren 27a baino lehen: eskaintzetan preinskribatu Lanbideren webgunean eta Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentzian entregatu baldintzak eta inguruabarrak betetzen direla egiaztatzeko eskatu diren agiriak.

Enplegu planaren kostua 294.000 eurokoa da. Horietatik 200.000 Udalak inbertituko ditu udal aurrekontuaren bidez; gainerako 94.000 euroak, ordea,  Lanbideren diru-laguntza bidez helduko dira.

Kontrataziorako laguntzak
Enplegu planaz gain, Udalak eta Lanbidek langabeak kontratatzeko laguntza programa bat deituko dute, lantokia eta jarduera ekonomikoa Trapagaranen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuei zuzendua.

Kontratatuko direnak herrian erroldatuta egon beharko dira deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean (azaroaren 2. hamabostaldian izatea aurreikusten da). Halaber, langabezian egon beharko dira eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta Lanbiden, kontratazioa hasi baino lehen.

Edozein kontratu-mota egin daiteke, prestakuntzakoak eta ikastekoak izan ezik, 2017ko uztailaren 28tik abenduaren 31ra. Subentzionatu daitekeen gehienezko aldia sei hilabetekoa izango da eta inola ere ez da 2018 ekainaren 30etik aurrerakoa izango.  

Laguntzen zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da %100eko lanaldiko sei hilabeteko kontratuentzat. Kontratazio-aldia eta lanaldia txikiagoak direnean, jaitsiera proportzionala aplikatuko zaie. 9.000 eurora helduko da sei hilabeteko %100eko lanaldiko kontratuentzako laguntza, baldin eta honako kolektibo hauetako pertsonaren bat kontratatzen bada:  DSBEren titularrak, lehen enpleguaren bila dabiltzan 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak eta 55 urtetik gorakoak. Aipatu 9.000 euro horiek proportzionalki gutxituko dira kontratuak denbora gutxiago irauten badu eta lanaldia laburragoa bada.

Enpresa interesdunek Udaletxeko erregistroan aurkeztu ditzakete eskaerak, laguntza hauek arautzen dituzten oinarriak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunaren biharamunetik hasi eta 2018ko martxoaren 30era arte.

Proiektu hau abian jartzeko 44.000 euroko inbertsioa egingo da, Lanbidek subentzionatua.

Udalak kalkulatzen du ekintza honi esker 17 kontratu egin ahal izango direla, nahiz eta une honetan zaila den kopuru zehatz bat ematea.