2017(e)ko otsailaren 8(a), asteazkena

Meatzaldeko udalerriek merkataritza babesteko bulego bat sortu dute

Trapagaran, Ortuella, Abanto, Muskiz eta Zierbenako Udalek, Meatzaldeko Behargintza erakundearen bidez, merkataritza babesteko bulego mankomunatua  ireki dute. Sektorean espezializaturiko teknikari bat arduratuko da bulego honetaz eta Meatzaldeko aipatutako bost udalerrietako establezimenduei emango die zerbitzu.


Zerbitzu berri honen aurkezpenean, Meatzaldeko Alkateek esan dute bulego hau “eskualdeko tokiko merkataritzaren beharrizanak estaltzeko asmoz sortu dela, enplegua eta aberastasuna sortzen duen sektore ekonomikoa delako eta udalek ahalik eta laguntzarik handiena eman nahi diotelako sektore kementsua izaten jarraitzeko”.

Udalek erabaki dute zerbitzu hau txandaka ematea Trapagaranen eta Abanton, bi urtez bakoitzean. 2018ko irailarera arte bulegoa Trapagarango Enplegu Zentro Integralean egongo da, Nafarroa kaleko 19an, jendearentzako ordutegia 8:30etik 14:30era izango duelarik, astelehenetik ostiralera. Data horretatik aurrera, zerbitzua Abantora eramango da, non beste bi urtez egongo baita.

Eusko Jaurlaritzako Sustapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailak %85ean finantziatu du bulego hau abian jartzea, gainerako %15 udalek jarriko dutelarik.

Eskualdeko merkatari elkarteen ekimenari esker lortu da proiektu hau abian jartzea, gero eta inplikatuago daudelako eta jakin dakitelako beharrezkoa dela proiektu komunak burutzea eta eskualde mailan lan egitea.  Horrela, bada, euren udalei proposatu zieten Eusko Jaurlaritzari eska diezaiotela bulego hau ezartzeko diru-laguntza. Udalek baiezkoa eman zuten eta, erakunde publiko-pribatu hauen guztien arteko harreman on eta lankidetzaren fruitu, saltokientzako doakoa izango den zerbitzu hau sortzea lortu da.



Baliabide honek arreta pertsonalizatua emango die eskualdeko saltoki guztiei, merkatari elkartekoak izan ala ez. Eginkizun anitz izango ditu, hala nola, sektoreko laguntza eta diru-laguntzei buruzko aholkuak ematea eta zalantzak argitzea, sektorearekin lotutako ordenantzei eta arautegiei buruzko informazioa ematea, prestakuntza eskaintzea, Eusko Jaurlaritzako izapideak egiten laguntzea, merkataritza dinamizatzeko jardueren antolaketan laguntzea, ekintzaileei laguntzea negozio berriak irekitzen, Meatzaldeko Meatzaritza-Gida eguneratzea.

Bulego horren bidez indartu eta osatu egin nahi dira dagoeneko merkatari-elkarteek, Eusko Jaurlaritzak eta Udalek, Enplegu eta Toki Garapenerako Agentzien bidez burutzen ari diren eginkizunak.

DIPTIKOA