Zorionak eta urte berri on!

Zorionak eta urte berri on!

2017(e)ko otsailaren 9(a), osteguna

Trapagarango Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentziak Whatsapp bidez emango du bere jardueren berri

Trapagarango Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentziak areagotu egingo ditu herritarrekin komunikatzeko bideak. Otsail honetatik aurrera, aipatu erakundeak Whatsapp aplikazioaren bidez jakinaraziko ditu bere jarduerak, izan ere, gero eta jende gehiagok daukalako instalatuta programa hau telefono mugikorrean eta hori dela medio informazioa azkarrago eta modu pertsonalagoan heltzen delako.



Halaxe eman dute ezagutzera gaur meatze-herriko alkateak, Xabier Cuéllar jaunak, eta Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Merkataritzako zinegotziak,  Bernardo Azkue jaunak, neurri hau iragartzeko eman duten prentsaurrekoan. “Whatsapp sistemaren bidez, Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentziak urrats bat gehiago emango du herritarrengana hurbiltzeko eta egiten dugun gauza guztien berri emateko. Batez ere langabeekin, merkatariekin eta ostalariekin egiten dugu lan, eta zerbitzu honen onuradun nagusienak horiek izatea espero dugu”, esan dute udal ordezkariek.

Sistema honek bat egingo du orain arte erabili ohi diren harreman-bideekin, hau da, Udalaren webgune, agentziaren blog, herriko gune estrategikoetan jarritako kartel, SMS eta e-mail eta posta arruntarekin

Horrela bada,  lana bilatzeko edo hobetzeko, prestakuntza ikastaroak egiteko edo lan orientazioa jasotzeko datu-basean izena eman duten pertsona guztiak zein Trapagarango merkatari eta ostalariak mugikorraren bidez hasiko dira jasotzen Agentziaren jarduerei eta ekimenei buruzko informazioa eta haientzat interesgarria izan daitekeen beste edozein konturi buruzko informazioa.



Lehendabizi informazio-mezu bat bidaliko zaie, Agentziaren Whatsapp zenbakia jakitera emateko eta kontaktuetan sartu beharko dutela esateko, mezu gehiago jaso nahi izanez gero. Baten batek zalantzak edukiko balitu sistema berri honetaz, Agentziara joan daiteke abian jartzen lagunduko diezaioten.  

Udal ordezkariek erantsi duten bezala, komunikazio sistema honekin “azkarrago eta zuzenago iritsi nahi dugu herritarrengana, testu-mezuak bidaltzeaz ez ezik, irudiak eta webetarako estekak ere igorriz, informazioa argiagoa eta erakargarriagoa izateko”. Gainera, azpimarratu dute aplikazio hau orain arte erabiltzen zen SMS sistema baino merkeagoa dela.