Zorionak eta urte berri on!

Zorionak eta urte berri on!

2018(e)ko azaroaren 22(a), osteguna

Trapagaranen ospatuko da, abenduaren 2an, 2018ko Meatzaljaia

Meatzaldeko merkataritzaren jaiak eraldaketa garrantzitsu bat ezagutuko du, sektoreko jaialdi solidario bihurtuko baita, zuzeneko emanaldiekin eta sari banaketekin.

Meatzaljaia, Meatzaldeko merkataritzaren jai handia, Trapagaranen ospatuko da, abenduaren 2an, igandean, familiarekin gozatzeko jarduera-programa zabal batekin. Ekitaldi honen bosgarren edizioa da, eta bere antolakuntzan sartuta dauden eskualdeko udalerri guztietatik igaro da: Trapagaran, Ortuella, Abanto eta Muskiz. Horregatik, ziklo garrantzitsu bat bete ondoren, aurten, aldaketa nabariak sartu dira jaiaren erakargarritasunari eusteko eta herriei bizia ematen dion tokiko merkataritzaren irudia indartzeko.
“Edizio honetan zerbait zeharo desberdina antolatu da. Aurtengo Meatzaljaian, saltoki eta enpresen jaian,  zuzeneko emanaldiak egongo dira eta izaera solidario edukiko du, kasu honetan, bildutako diru guztia “La Cuadri del Hospi” elkartera bideratuko delako –azaldu du Iñaki Sasiainek, Baturikeko presidenteak−. Izan ere, Trapagarango Merkatari, Ostalari eta Enpresen “Baturik” Elkartea da jaiaren antolatzailea beste elkarte hauekin batera: Abanto-Zierbenako Merkatari eta Ostalarien Elkartea, Muskizeko “Comercios Unidos”, Ortuellako “Gurea” eta Meatzaldeko Merkataritzako Bulego Teknikoa.
Giroa berotzen hasteko, 16:30etik aurrera La Escontrilla herri-ikastetxea txikientzako parke bihurtuko da, non umeak ondo pasatzeko tailerrak eta  jolasak egongo diren.  Horrez gain, txokolate beroa hartzeko aukera ere izango da, 1 euroko dohaintza eginda.
Jaialdia udal kiroldegian izango da, 18.30etatik aurrera.  Musikaren atalean Abeslariak eta Patxi Galarragak (Trapagako abeslariak taldeko zenbait kide), Aiamak eta Kiruak  arituko dira  eta Biofussion dantza-ikastegiak emanaldi bat eskainiko du.
Eskualdeko merkatarien lau elkarteek hitzordu hau baliatuko dute Meatzalde Saria emateko lehenengo aldiz. Sari horren bidez urtero aintzatetsi nahi dute eskualdeko erakunde, elkarte edo norbanako batek kultura, historia, enpresa, ekonomia edo euskara alorrean egindako lana.
Jairako sarrerak 3,5 euroko prezioa izango du eta oso osorik bideratuko da “La Cuadri del Hospi” elkartea ilusio handiz taxutzen ari den familien zerbitzurako proiektu bat abian jartzera. Proiektu horren xedea da gune eroso, atsegin eta abegikorra sortzea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaletik gertu kokaturiko lokal batean, minbizia duten ume eta nerabeek mediku-kontsultetarako eta dagozkien tratamenduetarako itxaron-aldi luzeetan behar dituzten baldintza bereziei erantzuteko.
Jaialdian zehar zenbait sari zozketatuko dira bertaratuen artean, bultzagarria izan daitekeelarik eskualdeko jendea Meatzaljaira joan dadin. Jairako sarrerak honako guneetan daude salgai:
• ABANTO-ZIERBENAN: Kopitexen eta El Minero okindegi-gozotegian.
• MUSKIZEN: Olga Díaz ileapaindegian, Ideas loredendan eta Azucena estankoan.
• ORTUELLAN: Javi harategian, Kurrusku-Kai Alde okindegi-gozotegian eta Ziripot Gozokiak-en.
• TRAPAGARANEN: Olga Liburudendan, Mari Ángeles modak-en eta La Pinta tabernan.
Jaira joan ezin diren baina La Cuadri del Hospi-ren proiektuari dohaintza bat eginez  lagundu nahi dieten pertsonentzat, banku-kontu bat zabaldu da Laboral Kutxan, zenbaki honekin:  ES95 – 3035 0180 23 1800034460.
Azaro osoan zehar Meatzaljaia 2018 kanpainara atxikitako saltokietan txartelak banatzen ari dira bezeroen artean, 100 euroko 8 erosketa-txekeren zozketan sartzeko.  Aipatu zozketa azaroaren 29an egingo da eta Meatzaljaiaren Facebook orrian ezagutaraziko da emaitza. Txekeak jaian bertan emango dira.
Meatzaldeko merkataritzaren jaia ezinezkoa izango litzateke eskualdeko merkatari eta profesionalen 4 elkarteen inplikaziorik gabe eta Trapagaran, Ortuella, Abanto-Zierbena eta Muskizko Udalen, Meatzaldeko Behargintzaren, Deiaren, entrapagaran.com-en, Onmotiva Comunicación  Publicidad-en, Gallarreta tailerren eta  Rossas Loradendaren babesik gabe, eta ekitaldia burutu ahal izateko  aldez edo moldez  lan egiten duten erakunde guztiak gabe.