► 294.000 euroko inbertsioarekin, sei hilabete iraungo
duen enplegu plan bat sustatuko dute 23 herritarrentzat.
► 44.000 euroko beste partida bati esker, kontrataziorako laguntza-programa bat jarriko da abian.
Trapagarango Udalak eta Euskal Enplegu
Zerbitzua-Lanbidek, urtea amaitu baino lehen, abian jarriko dute enplegu plan
bat eta kontrataziorako laguntza-programa bat, 40 langabe kontratatzeko asmoz,
herriko alkate Xabier Cuéllar jaunak eta Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Merkataritzako
zinegotzi Bernardo Azkue jaunak iragarri duten bezala.
Enplegu planarekin 23 langabe kontratatuko
dira, Meatzaldeko Behargintzaren bidez, sei hilabeterako, hots, abenduaren
29tik 2018ko ekainaren 28ra arte. Lehen zinegotziak azaldu bezala, ekimen honek
hiru helburu ditu: Interes orokor eta sozialeko lanak egitea, herriaren
mesederako; parte-hartzaileen egoera ekonomikoa hobetzea eta prestakuntza eta
esperientzia ematea haiei, gerora laneratzeko aukera gehiago izan dezaten.
23 pertsona horietatik, 15ek talde bat
osatuko dute basabideak eta lurrazpìko
edukiontziak egokitzeko eta hiri altzariak margotzeko. Hiru ofizialez eta zerbitzu anitzeko 12 peoi espezialistez
osatuko da talde hori. Ofizialek egiaztatu beharko dute, gutxienez, 24
hilabeteko eskarmentua daukatela lanbide horretan. Haien lan-kontratua %75eko
lanaldikoa izango da.
Beste sei langileak, ordea, hirugarren
adinekoen, ezinduen eta Udaleko Gizarte Ongizate Sailaren esanetan esku-hartze
egoeran dauden pertsonen laguntzan jardungo dute. Langileetako bat arduraduna
izango da eta beste bostak, zaintzaileak, eta lanaldi erdiko kontratua egingo
zaie. Gizarte Lan, Gizarte Hezkuntza, Psikologia, Psikopedagogia, Gizarteratze,
Erizaintza edo Soziologiako titulua aurkeztu beharko du arduradunak.
Zaintzaileei, berriz, Profesionaltasun Ziurtagiria, LH I, LH II edo, gutxienez,
gai horretako prestakuntza eskatuko zaie.
Amaitzeko, beste bi pertsona ere
kontratatuko dira herriko industrialdeetan kokatuta dauden enpresen zentsua
eguneratzeko. Lanpostu horiek eskuratu nahi dituzten herritarrek
Profesionaltasun Ziurtagiria, administrazio alorreko LH I edo LH II edo,
gutxienez, sektore horretan 24 hilabeteko esperientzia egiaztatu beharko
dute. Bi kontratazio horiek lanaldiaren
%75ekoak izan dira.
Hautagai horiek guztiak izan beharko dira langabeak,
Lanbiden inskribatuak, Trapagaranen erroldatuak gutxienez urte bete
lehenagotik, azken hiru urteetan ezelako
Tokiko Enplegu Programan parte hartu gabeak, eta Lanbideren arabera, laneratze
zaila duten kolektiboetako batekoak (adibidez, DSBE hartzaileak edo onuradunak,
35 urte edo gutxiagokoak, 55 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak,
desgaituak, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak…). Horietatik
guztietatik, gutxienez, %40 emakumeak izango dira eta %15, 55 urtetik
gorakoak.
Enplegu planera apuntatu nahi direnek
honako izapideak egin beharko dituzte azaroaren 27a baino lehen: eskaintzetan
preinskribatu Lanbideren webgunean eta Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentzian
entregatu baldintzak eta inguruabarrak betetzen direla egiaztatzeko eskatu
diren agiriak.
Enplegu planaren kostua 294.000 eurokoa da.
Horietatik 200.000 Udalak inbertituko ditu udal aurrekontuaren bidez; gainerako
94.000 euroak, ordea, Lanbideren
diru-laguntza bidez helduko dira.
Kontrataziorako
laguntzak
Enplegu planaz gain, Udalak eta Lanbidek
langabeak kontratatzeko laguntza programa bat deituko dute, lantokia eta
jarduera ekonomikoa Trapagaranen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuei
zuzendua.
Kontratatuko direnak herrian erroldatuta egon
beharko dira deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean (azaroaren
2. hamabostaldian izatea aurreikusten da). Halaber, langabezian egon beharko
dira eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta Lanbiden, kontratazioa hasi baino
lehen.
Edozein kontratu-mota egin daiteke,
prestakuntzakoak eta ikastekoak izan ezik, 2017ko uztailaren 28tik abenduaren
31ra. Subentzionatu daitekeen gehienezko aldia sei hilabetekoa izango da eta inola ere ez da
2018 ekainaren 30etik aurrerakoa izango.
Laguntzen zenbatekoa 6.000 eurokoa izango
da %100eko lanaldiko sei hilabeteko kontratuentzat. Kontratazio-aldia eta
lanaldia txikiagoak direnean, jaitsiera proportzionala aplikatuko zaie. 9.000
eurora helduko da sei hilabeteko %100eko lanaldiko kontratuentzako laguntza,
baldin eta honako kolektibo hauetako pertsonaren bat kontratatzen bada: DSBEren titularrak, lehen enpleguaren bila
dabiltzan 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak eta 55 urtetik
gorakoak. Aipatu 9.000 euro horiek proportzionalki gutxituko dira kontratuak
denbora gutxiago irauten badu eta lanaldia laburragoa bada.
Enpresa interesdunek Udaletxeko
erregistroan aurkeztu ditzakete eskaerak, laguntza hauek arautzen dituzten
oinarriak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunaren
biharamunetik hasi eta 2018ko martxoaren 30era arte.
Proiektu hau abian jartzeko 44.000 euroko
inbertsioa egingo da, Lanbidek subentzionatua.