Zorionak eta urte berri on!

Zorionak eta urte berri on!

2017(e)ko otsailaren 15(a), asteazkena

Lan Berri programak Trapagarango 48 emakume langabe prestatuko ditu

Trapagarango Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak herriko 48 emakume langabe prestatuko ditu Lan Berri programaren bidez. Ekimen hori burutzeko, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailak 45.000 euro eman dizkio Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentziari, lau ikastaro jar ditzan abian. 


Lan Berri programa honekin prestatu eta gizarte- eta lan-orientazioa eman nahi zaie laneratzeko arazo bereziak dituzten kolektiboei, hau da, 45 urtetik gorako langabeei, iraupen luzeko langabeei eta bazterkeria arriskuan daudenei, lan merkatuan sartzeko aukera gehiago eduki ditzaten. Trapagaran udalerrian egingo diren ikastaroak emakumeentzako baino ez dira izango.

Lehenengo jarduera gizarte erakundeetan dauden menpeko pertsonei arreta soziosanitarioa emateko ikastaroa izango da. 370 ordu teorikoz eta enpresetan egingo diren 80 ordu praktikoz osatua dago ikastaroa, eta bukatu ondoren, 12 parte-hartzaileek Lanbidek homologaturiko Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratuko dute zaharren egoitzetan eta sektoreko beste erakunde batzuetan lan egin ahal izateko. Prestakuntza hori egingo duten ikasleek, horrez gain,  enplegurako dinamizazio eta aktibazio ikastaro bat jasoko dute, 40 ordukoa, eta  enplegua bilatzeko teknika eta tresnei buruzko 40 orduko beste ikastaro bat ere bai.

Orientazio-prestakuntza ikastaroak Fondo Formación Euskadi delakoak emango ditu, San Bizente errepidean kokatuak,  martxotik ekainera, goizeko ordutegian. Lehen ekintza honetan izena emateko epea zabalik dago otsailaren 22ra arte. Interesdunek Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentzian eska dezakete informazioa eta eman dezakete izena.

Gainerako hiru ikastaroak honakoak dira: “Harreman-gaitasunak””, “Antolaketa-gaitasunak” eta “Teknologia berrien gaitasun teknikoak eta 2.0 komunikazio plataformen kudeaketa”. Ikastaro horiek 20tik 45 ordura artekoak izango dira eta 12 plaza eskainiko dira bakoitzean.

Gaitasunen hiru ikastaro horiek maiatzean egingo dira eta parte hartu nahi dutenek apirilean eman beharko dute izena Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentzian.

Trapagarango Udalak eskerrak ematen dizkio Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailari, ikastaro horiek abian jartzeko eman duen diru-laguntzagatik eta herritarren enpleagarritasuna hobetzeko programa honetan eta beste batzuetan lanean jarraitzeko asmoa erakusten dio.