2015(e)ko abuztuaren 11(a), asteartea

European Ecommerce Conference topaketaren 9. edizioa Bilbon egingo da



Azaroaren 18 eta 19an ekonomia digitalari buruzko Europa osoko ekitaldi garrantzitsuenetako bat egingo da Bilbon, “Reshaping the future of the digital economy” lelopean. Adigital-Ekonomia Digitaleko Espainiako Elkarteak antolatzen du EEC topaketa, non urtero elkartzen baitira Interneten etorkizunean eragin handiena duten enpresa eta startup-ak.

Iazko kongresuan Airbnb, Uber, Etsy eta SoundCloud bezalako enpresetako ordezkariak aritu ziren hizlari, eta edizio hartan aztergai izan zituzten ekonomia kolaboratiboa eta joera horrekin lotutako negozio ideia berrien hedapena. Halaber, hizlari aritu zen Moshe Hogeg, Mobli-ko zuzendari nagusia. Sare sozialetan argazkiak eta bideoak partekatzeko aplikazio mugikor bat da, nagusiki kokapenean oinarritzen dena, munduko edozein tokitan gertatzen dena denbora errealean erakusteko. Eta hizlari aritu zen baita ere Damien Declercq, ko-sorkuntzan eta kode irekian oinarritutako autoak fabrikatzen dituen Local Motors enpresa berritzaileko presidenteordea.

Topaketa hartan EEC Launch startup lehiaketa egin zuten eta Bilboko Bungaloop enpresa izan zen garaile, gidabaimena lortzeko azterketa teorikoa online prestatzeko eta eskola praktikoak hartzeko auto-eskola onenak bilatzeko plataforma. EECren 8. edizioko hitzaldi eta aurkezpen guztiak kongresuaren atarian daude.


Info +